AMAIURALDIA: IRAGANETIK ETORKIZUNERA

500 urte pasa dira Nafarroren independentzia berreskuratzeko azkeneko saiakera hartatik. Geroztik Espainiako Erreinura kateatuta gaude.

Argazkia: Nafarroa Berriz Altxa

 Aurreko ekainak 5ean Amaiurren ospatutako ekimena

Bortz mende pasa ondoren, katea ez da hautsi, eta Amaiurko zelaietan gure askatasunaren alde borrokatu zutenen seme-alabak gara AMAIURALDIRA joan garenak.

Baina ez gara gure historia gogoratzera mugatuko, etorkizuneko historia idatzi nahi dugu, eta horretarako jaio zen Nafarroa Berriz Altxa, Nafarroan indar harremanak aldatu burujabetza prozesu baten alde gehiengo bat lortzeko. Ez da erraza gure erronka, badakigu, baina dauden aukerak aprobetxatu eta baldintza sortu behar ditugu. Horrek gure ustez burujabetzaren aldeko nafar agenda propio bat garatzea eskatzen du. Dinamika propioak martxan jartzeko garaia da, eta horretan gaude, beti ere agenda nazionala ahantzi gabe.

Burujabetza aldarrikatzen dugu gure egunerokotasunean eragiten digun guztiaren inguruan libreki erabaki ahal izateko inongo eskuhartzerik gabe: hezkuntza, osasuna, lan-harremank, euskara, pentsioak, fiskalitatea, etxebizitza, berdintasuna, gure estatuts juridikoa eta gainontzeko euskal lurraldeekin mantendu nahi ditugun harremanen inguruan ere. Burujabetza behar dugu herri bezala XXI. mendeko erronkei aurre egiteko. Burujabetza gure bizi baldintzak hobetzeko ezinbertzeko tresna izateaz gain, euskal errepublika bat eraikitzeko bide bakarra delako.

Madril, Paris eta Bruselan gure ordez hartzen dituzten erabakiek garbi erakusten dute ez dutela krisi ezberdinei aurre egiteko balio, ez behintzat herritar gehiengoaren interesak eta beharrak asetzeko. Hori ikusi eta sufritu dugu hartu dituzten hainbat neurriekin: lan-erreformarekin, murrizketekin, aurrekontuen gastu sabaiarekin, zorraren kudeaketarekin, krisi energetikoa eta aldaketa klimatikoari erantzuteko neurriekin etab.. Hemen gauzak bertze modu batera egiteko aukerak daude, baina horretarako gure erabaki propioak hartu ahal izateko tresnak behar ditugu.

Hitz gutxitan: gure burua gobernatzea ezinbertzekoa da. Eta hori da bilatzen duguna gure ekimenekin, gizartea burujabetzaren alde aktibatu eta mobilizatzea. Beraz, ez da nortasun kontu bat bakarrik, behar bat da.

Amaiuraldiarekin iragana eta etorkizuna lotu nahi izan ditugu. Iragana zer garen eta nondik gatozen ulertzeko, eta burujabetza gure herriaren etorkizuna eraikitzeko tresna dela aldarrikatzeko.
Eta hemendik aintzinera zer?. Ba Nafarroan burujabetzaren aldeko aldarria indartzen joateko hasitako bidearekin jarraitu, eta horrek eskatzen du: orain arte egindakoa baloratu, zertan asmatu eta zertan hanka sartu dugun aztertu, eta datozen hilabete eta urteetarako bideorri bat marraztu. Azken finean Nafarroa Berriz Altxa tresna bat da, eta helburua lortzeko tresna gisa egokitzen, moldatzen eta hobetzen joan beharko du.

Jarraitu dezagun ba gure nortasuna kaleratzen, indartzen eta Nafarroan burujatza prozesu baten aldeko baldintzak eta aukera berriak sortzen.

2022 Etxebeltza Elkartea