PREKARIETATEAREN ESKUAK

2019ko uztailaren 4ean sortu genuen Atarrabian BANG taldea, Atarrabiako neska gazteon elkargune izan nahi zuen taldea. Beldur eta zalantza guztiekin ekin genion nora eramango gintuen ez genekien bideari, baina argi geneukan bidea egin, egin nahi genuela.

BANG: Batera, Atarrabiako Neska Gazteak

Ilusioz eta konpromisoz ekinez, Atarrabian hitza eta ekintza izaten saiatu izan gara denbora honetan, eta tartean haserreak eta amorruak ito gaitu zenbaitetan, gure arteko elkarrizketa eta debate amaigabeetan.

Gure gorputzak eta bizitzak zuzenean kolpatzen dituzten egoerek min egiten digutelako. Gezi zorrotzek bezala zeharkatzen gaituztelako.

Espainiar estatuan emakumeok gizonek baino 52 egun gehiago lan egin behar ditugu soldata bera irabazi ahal izateko Oxfam Intermonek egindako informearen arabera; Frantziar estatuan 56 egun dira lan egin behar dituztenak Euroestat europar estatistika bulegoaren arabera.

Datuak edonor izutzeko modukoak direla deritzogu, baino hauek soilik gure enpleguaren inguruan jasotako datuak direla kontuan hartzen badugu, gure lan “ikusgarriaren” Isla, egoera askoz okerragoa da. Atzean, itzaletan eta ezkutuan, sistema kapitalista heteropatriarkal arrazistarentzat ikusezinak diren zaintza lan guztiak daude, inolako errekonozimendurik gabeko lanak. Gehienetan musutruk eta gure generoari esleitutako ardurak betetzeko egiten ditugunak. Mundua eta pertsonak sostengatzen dituzten lan guzti horiek. Emakume on guztiek egiten dituztenak, edo egin beharko zituztenak bahintzat.

Eta neska gazteokin egoera hobetu ezean, okertu egiten da, noski. Datu bilketa guztien arabera gazte izatea prekarizazio faktore erabakigarria baita. Adibidez, 2021eko abuztuan Nafarroako langabetuen ia erdia gazteak ginen, lanaldi murriztu eta behin behineko kontratu tasen gehiengoa neskok jasaten ditugu eta batez ere, gu gara lan kontraturik gabe, kotizatu gabe eta inolako lan eskubide aitorturik gabe ezinbesteko lan asko egiten ditugunak.

Data hauetarako iada uda guztia pasa da eta egoera honetan zenbait galdera bota nahiko genituzke irakurtzen gaituen orori. Noren eskuak izan dira herriko haurrak igerilekura eraman dituztenak? Zein eskuk eutsi diote ikasgai bat penkatu duen gaztearen testu liburuari? Noren eskuek eman diete bazkaria eta zeinenak lokartu siesta orduan? Eta noren eskuak izango dira eskolara eramateko iraileko goizeko zortzitan txikiak esnatu eta zebra bidea gurutzatzeko hartuko dituztenak?

Badira hamaika lan ezinbesteko mundu hau sostengatzen dituztenak. Behar beharrezkoak, guzti guztiak. Baino hauetako hainbat eta hainbatek, fabore kutsua dute, ez dira lantzat hartzen “lantxotzat” baizik, txanpon pare baten truke egiten ditugunak.

Hausnarketa hasi besterik ez dugu egin, eta eman beharreko pausu guztiak eman nahi ditugu gure bizi baldintzak hobetuko dituen neurriak hartu aldera.

Ez dugu zoru itsaskorretik salto egin nahi, ez kristalezko sabaia gurutzatu nahi, guk egitura guztia birrindu nahi dugu eta egingo dugu!

Batera, Atarrabiako Neska Gazteak!

2022 Etxebeltza Elkartea