EUSKARAK KABITXO BAT IZAN DEZAN ATARRABIAN

“Este año hacen 25 años desde que un grupo de euskaltzales crearon Karrikaluze con el objetivo de influir en el uso del euskera en Atarrabia. Tras estos años podemos afirmar que seguiremos trabajando porque queremos que en Atarrabia sea posible vivir en euskera.”

Karrikaluzek Atarrabian egindako murala

Orain dela 25 urte, Atarrabiako zortzi euskaltzalek Karrikaluze elkartea sortu zuten. Garai hartan, herrian elkarte euskaltzaleak baziren, orain bezala; baina ez zen erabat bermatzen euskaraz funtzionatu ahal izatea. Euskaldunak sakabanatuta bizi ziren, eta haiek batzeko gune bat beharrezkoa ikusi zuten. Euskaltzaletasuna sustatu eta euskararen erabilera areagotu ahal izateko. Elkarte txiki hura asko aldatu eta handitu da urteotan. Gaur egun, 230 bazkidek osatutako elkartea dugu eta herrian erreferente bihurtu da euskaraz bizi nahi dutenentzat.

Gaur egun, Karrikaluzeren atal nagusienak aisialdia, kultura eta komunikazioa dira. 2001an Atarrabian euskararen inguruko ikerketa egin eta gero, aisialdian indarrak inbertitu behar zirela erabaki zen. Haur zein gazteek haien artean euskaraz jolasteko eta solasteko aukera eman behar zitzaiela ikusi zen. Ideia honekin Kuadrillategi proiektua jaio zen, beranduago Jolas Txango eta Solas bilakatuko zena (Larunblai, Jauzi, Iseka eta Gazte Formazioa). Hainbat urte beranduago horretan jarraitzen dugu, asteburu zein oporraldietan, adin desberdinetako haurrekin ekintza eta jolasak antolatuz. Txikienek ere euskaraz bizitzeko aukera izan dezaten.

Komunikazioari dagokionez, plataforma desberdinak erabiliz euskarazko informazioa eta entretenimendua sortzen dugu urtean zehar, hala nola, urtero herrian banatzen dugun aldizkaria edo Youtubeko kanalean sortzen ditugun bideoak. Honetaz gain, elkarteak antolatzen dituen jarduera guztiak herritarrei helarazteko asmoz, sare sozialak eguneratu eta indarberritzea da gure helburuetako bat. Urteurrenari dagokionez, Atargiko frontoi kanpoan mural bat margotu genuen, euskararekin dugun konpromisoa berretsiz.

Kultura arloan, herrian euskarazko eskaintza bermatzea da helburu nagusiena, euskara kalera atera eta ekintza ezberdinak herritarrei luzatuz.; Ikastaroak, hitzaldiak, kultur aurkezpenak, antzerkiak… Aurten antolatu ditugunen artean, sendabelarren ikastaroa, postreak egiteko ikastaroa edota haurrentzako ipuin kontalariak nabarmendu daitezke. Hauen bitartez hartzaileak aktibo izatea lortzen dugu, izan ere, askotan euskararen inguruan dauden zerbitzuetan hartzaile pasiboak izaten gara, hau da, soilik euskara entzuten dugu baina hitz egin ez.

Aurten, gainera, 25. urteurrenaren harira hainbat ekintza antolatzen ari gara, irailaren 15 eta 16an ospatuko dugun jaialdian; musika emanaldiak, pintxo lehiaketa, herri krosa, azoka edota bazkaria besteak beste. Asteburu berezi honetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, gure elkartearen urteurrena denon artean ospatzeko asmoz. Bertan espero zaituztegu!

Bidez batez, Atarrabiako eguneko azokan, Karrikaluzeren postura hurbiltzeko gonbita luzatzen dizuegu, urteurrenaren harira antolatu dugun logo lehiaketaren finala izango baita egun honetan eta gustukoen duzuen logoa bozkatzeko aukera izango duzue bertan.
Besterik gabe, Atarrabian euskaraz bizi nahi dugulako beste hainbat urte lanean jarraituko dugu, sortu genuen kabitxoa zainduz eta egonkortuz.