40REKIN LANEAN JARRAITZEN DUGU

Badator, beste urte batez, Atarrabiako Eguna. Badira berrogei baina gehiago eta hemen jarraitzen dugu, urtez urte, gogo biziz, zirraraz eta urduri eguna heltzeko zain. Hamarkadaz hamarkada lan taldeetan nekaezin ibili diren guztiek eraiki dute gaur egun ezagutzen dugun Atarrabiako Eguna. Lekukoa eskuz esku pasatu eta iritsi zaigu guri ere txanda. Azken urteetan asko izan gara Etxebeltzako proiektura batu garen gazteak eta hainbeste urtez landutako ohitura atsegin osoz hartu dugu, herriko nortasuna eraikitzen jarraitzeko heldu baikara.

Batzuentzat berrogei urte asko dira, besteren batentzat aldiz gutxi. Hala ere, argi dago zenbait gauza aldatu diren arren, gure herriko kultura plazara ateratzeko beharra eta gogoa gugan diharduela, lekuko horren bitartez bizirik mantendu dena.
Euskaraz arituko gara, dantzan arituko gara, musikaz gozatzen, eta errespetuz gozatzen, Atarrabiako Eguna gure aurrekoek sortuta badelako, baina gaur egun ere egin egiten dugulako. Urteak bete ahala jasoz joan izan garelako.

Horregatik berarengatik, egoeraren samurtasunera ohitu gabe, irekitako bidera batu gara gazteak, beste lau hamarkadaren buruan atzera begiratu eta egindako lana harrotasunez begiratuko dugulakoan. Berrogei urteren ondoren, abiada propioa hartu duen proiektu honek liluratu baikaitu, eta hemen gaude, zenbait belaunaldiren ondoren, norabidea ezarri zutenekin batera bultzaka, sustraiak sendo errotzen direnean haziak indartsu hazten baitira beti. Beste berrogei urtez jarrai dezagun Atarrabia loratzen.

nondik gatoz?

Atarrabiako Eguna, irailaren lehendabiziko asteburuan, Etxe Beltza Elkarteak antolatzen duen euskal jai eguna da, euskal kultura sustatzeko helburuarekin, eta nola ez, herriko kolektibo eta bizilagunen arteko harremanak sustatzeko eta egunaz elkar gozatu ahal izateko.

1983an hasi zen, eta urtez urte, antolatzaile, laguntzaile eta kolektibo kulturalak bultzatuta, joan da osatzen, gaur den hain egun esanguratsua lortu arte. Izan ere, egun horretan, Etxebeltzak eskuz esku lan egiten du euskal kultura bultzatzen duten herriko beste talde, elkarte eta herritarrekin, eta Atarrabiako kolektibo guztiei parte hartzeko parada ematen zaie, adin guztietako jendea bertara hurbil dadin.

Hori dela eta, eskerrak eman nahi dizkiegu ibilbideari ekin zioten persona eta talde guztiei, bai eta denboran zehar ibilbideari eusteko eta aurrera egiteko lan egin dutenei ere.

Atarrabiako egunarekin, ikustarazten da, gure herria bizirik jarraitzen duela, euskal kulturaren alde lan egitea gustatzen zaigula, bainan batez ere, euskal kulturaz gozatzea maite dugula!

Amaitzeko, jai honetan parte hartzeko aukerarik izanen ez duten pertsonak gogoratu nahi ditugu, eta zuri, ongi pasatzea eta momentu ederrak bizitzea opa dizugu!