ETXEAN NAHI DITUGULAKO

Txetxu Barrios, Atarrabiako bizilaguna, 23 urtez dispertsatuta, azken urtean emandako aldaketak, eta batez ere, euskal presoek gaur egun kartzelan duten egoera kontatzen digu.

Azkeneko urtean euskal preso politiko askoren hurbilpenak eman dira, nola ikusten eta bizitzen duzue egoera hori?

Urte bat atzera begiratzen, gure egoera asko aldatu dela ematen du, egia da, Euskal Herriko espetxetan kide dexente daude, beste asko Euskal Herritik gertu gaude, eta momentu honetan, kide batzuk oraindik nahiko urrun daude, baita itxaropentsu gaude goiz ekarriko dutelako gure inguruetara. Hala ere, ezin dugu ahaztu, dispertsioa martxan jarraitzen duela, eta gure helburua Euskal Herrian egotea dela, denok, eta ahal den azkarren; zuen artean, gure herrietan, zuekin prozesuan parte hartzen eta elkarlanean gure Euskal Herria indartzen eta aberasten.

Graduen aldaketa lortu da ere. Legez izan behar zenuten gradua al da? Graduak daraman eskubideak bermatzen zaizkizue?

Euskal preso politiko gehienok bigarren graduan gaudela uste dut. Batzuk, hirugarren gradua lortu dute eta oso gutxi kondizionalarekin daude. Legez hitz egiten badugu, euskal preso politiko askok kondizionalarekin egon beharko ginateke, espetxe zigorraren denboraren hiru laurdenak bete ditugulako. Halaber, legez hitz egiten badugu, gehiengoa, hirugarren gradua lortu ezkero, baimenekin egon berko ginateke, baina ez da horrela; errealitatean, oso gutxi daude egoera horietan eta oztopo pilo bat daude gure eskubideak lortu ahal izateko.

Euskal preso politikoek, Euskal Herriko gizartea bezala, errealitatea kolorez ikusten dugu, baina sektore batzuk, boterean daudenak, txuri-beltzean jarraitzen dute ikusten errealitatea, eta Euskal Herrian, beste giza egoera bat dagoela eta euskal preso politiko kolektiboa bat egiten dugula dakiten arren, beraien helburua oztopatzea da, iraganean gelditu nahian. Baina ezin izango dute gelditu gure gogoak, indarrak, ametsak, eta honetan ere, jakingo dugu kolorez margotzen gure etorkizuna era orainaldia, eta honetan ere, zuen lana, maitasuna eta indarra iristen zaigu, eta kementsu jarraituko dugu bide honetan, ireki genuen bide honetan, gu geuk.

Aldaketa hauetaz gain, pandemiaren urtean bisitak suspenditu eta isolamendua handiagotu egin da. Nola izan da egoera? Nolakoa da gaur egun?

Nahiko gogorra izan da senideak ezin besarkatu egotea 16 hilabete hauetan, lehenik Granadan, eta gero Zueran. Izan ere, oraindik ez dugu aurrez aurrekorik. Bideo-deiak jarri zizkiguten, baina ez dago parekotasunik. Horretaz gain, espetxe barruan jarduera asko murriztu dira; ikastaroak, kirol jarduerak eta bar. Azken hilabete hauetan joan dira ekintzak berreskuratzen, bere erara, eta tira, aste honetan azkenik, txertoa jarri digute, beraz, hemendik gutxira aurrez aurrekoak berriro izateko lanean gaude. Gai honetan, zuen presentzia oso indartsu egin gaitu, zuen eskutitzak etab.!

Pandemia hasieran, orain bezala, legea behar den bezala aplikatu ezkero, preso asko kalean egongo ginateke, baina berriro ere,  estatu españolak berea egiten du, eta txuri-beltzean jarraitu du. Futbol estadioetan, zinema aretoetan eta beste guneetan jende multzoak egotea txarra zela zioten, baina espetxetan ona zela ematen zuen, presoak askatu beharrean, barrura sartzen zituztelako!

Ez zuten ezer oparitu beharrik, bakarrik, legea behar den bezala aplikatu, eta ez dute nahi izan! Barne Ministerioak eskutitz publiko batean eskerrak eman zigun preso guztiei, oso ongi portatzen ginela eta. Ba esker gutxiago eta legea aplikatuz, jendea kaleratu Ministro jauna!

Zuk zeuk bizi izan duzu hurbilpen txiki bat eta orain, Zuerako espetxean zaude. Nola bizi izan zenuen aldaketa?

Joan den abuztutik nauzue Zueran, eta argi dago aldaketa galanta izan dela, orain Atarrabiatik bi ordutara nauzuelako, eta bisitak eta bidaiak, eramangarriagoak izango direlako. Argi daukat, aldaketa handia dela zuentzat, eta niretzat. Duda barik, nire helburuetako bat Euskal Herrian egotea da, eta posible dudanean eskaera egiten dut, zuekiko gertuago egoteko eta kilometro gutxiago egiteko. Lan asko daukagu oraindik, eta azken helburua Atarrabiako kaleetatik ibiltzea da, zuen artean, hori bai izango dela aldaketa ederra!

Atarrabia zure zain daukazu, mezu bat bidali nahi diozu herriari?

Zuera espetxean dagoen mutil atarrabiarra honen partetik, eskerrak eman nahi dizkizuet, beti hor egoteagatik! Zuek sortzen duzuen argi baikor indartsu hori oso ongi ikusten dut nik, eta beti markatzen didazue ibilaldia; mendietan, kaleetan, margoen bidez etab. Lerro hauek idazten ditudan bitartean, nire aurrean ditut bidali dizkidazuen azken argazkiak eta margoak, nire urtebetetzerako eta mendi tontorretan egin zenituzten argazkiak eta Atarrabiar txiki batzuek egin dizkidaten margo batzuk! Guzti honekin, hunkitu eta indartu egiten didazue aldi berean! Duzuen estilo horrekin jarraitu, nik saiatuko dut zuen eredua jarraitzen beti!

Muxu erraldoi bat! Zaindu zaitezte eta gogor jarraitu!

2021 Etxebeltza Elkartea