GAZTE ZINETEN, GAZTE GARA

Gaur egun haiei esker Euskal Dantzak dantzatu ditzakegu herriko plazan, haiei esker emakumeok ikasketak izan ditzakegu, haiei esker lan baldintzak borrokatu ditzakegu, haiei esker euskaraz hitz egin dezakegu, antolatu gaitezke. Eta guri esker, zer? Ezer?

2018ko Atarrabiako Jaiak

Tabernetan poteatzen dugun #gazteak gara, sakelekoa poltsikotik eskura eta eskutik poltsikora daramagunak, igandetan mendira goazenak, asteartean eskubaloi entrenamendua dutenak, koronabirus garaian mozkortu garenak eta ez garenak, toki berriak ezagutzea maitatzen dutenak eta logelako ispiluaren aurrean bakarrik gaudenean tik tok dantzatzen dugunak. Guzti hori gara, baina beste hamaika gauza ere bagara.

Prekarietatea gure azaletan bizi dugu, bat edota bi krisi ekonomiko daramatzagu motxilan, ikasketa prozesu amaigabean murgilduta gabiltza, langabezian gaude, gurasoen etxetik emantzipatu ezinik. Oraindik zailtasunak ditugu familiakideei nor maitatzen dugun aitortzeko edo sexuarekiko zalantzak argitzeko. Neska* eta gazte izateagatik hipersexualizatuak izaten jarraitzen dugu, gure gorputzengatik epaituak eta erasotuak. Baina guzti honek erakutsi digu bidea, txanponak bi alde dituen moduan, egoera bidegabe bakoitzari aurpegia jarri eta dagokion borrokari heldu diogu.

Haiei esker garelako, baina guri esker izan daitezen nahi dugulako hartzen ditugu kaleak, tabernak, polikiroldegiak, antzokiak eta sareak.

Batzuen ustetan, gazteria pandemian zehar botellonetik botellonera saltoka ibili gara, aldiz telebista itzali eta leihotik begiratuz gero errealitatea bestelakoa dela ikusiko lukete.

Atarrabiako gazteriak gure hautua bizitzak direla oihukatu genuen azaroan, Palestina eta Kolonbiar herriei gure elkartasuna adierazi genien maiatzean eta presoei idatzitako elkartasun eskutitz horien atzean egon gara garai korapilatsu honetan guztian.

Atarrabiako gazteriak inaktibazioarekin amaitu eta herriko sortzaileei eskaini genien plaza, ateraldiak antolatu eta Kuadrillen Eguna modu seguru batean ospatzen genuen bitartean.

Atarrabiako neska* gazteok, sistema heteropatriarkal kapitalistaren erasoen aurrean tinko erantzun dugu, martxoak 8an plaza bete genuen eta gure ahalduntzeari begira urratsak nora eman behar ditugun argi daukagu. 

Pozik gaude baina ez konforme. Pandemiaz mozorrotutako desaktibazioaren aurrean gazteria errebelde eta antolaturik dihardugu. Asko dago egiteko, baina prest eta gogobeterik gaude!

Gu ere bagara eta izango gara, dena dugu aldatzeko!

Gazte eta errebelde.

2021 Etxebeltza Elkartea