KARTZELA. MIREN AMURIZA

Miren Amuriza Plaza, Berrizko bertsolari eta idazlea da. Bizkaiko azken sei Bertsolari Txapelketetan aritu izan da bertsotan eta Euskal Herriko Txapelketan 2009tik aurrera.

Bertsoa: Miren Amuriza Plaza

Gomendatu nahi dizkizuegun bertso hauek 2017ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko final-laurdenetan bota zituen kartzelako lanean. Hiru bertso eder hauek  berak sortutako doinu batean kantatuak dira. Adineko andre bat irudikatzen du protagonistatzat. Perla honen edukiaz eta kantaeraz gozatzea espero dugu.

 

GAIA: Jendea harri eta zur utziko lukeen argazkia atera berri duzu. Zalantzan zaude gorde edo zabaldu.

Larogehi eta bi urte

gorputz honetan nabari

ditudan arren nahi nuke

askatasunean ari,

eta joan zen astean

gure etxeko bilobari

eskatu nion mobil bat

ekar zezala opari.

Neure gelara sartu naiz

agur esan munduari,

ta  ohe gainean utzi

ditut arropa ugari (BIS)

ta argazki bat atera

diot neure buruari.

 

Nabaritzen da azala

nola aldatu zaidan aldez

nola daukadan bularra

tinkotasunaren galdez

aluan ez dut ilerik

besapeetan bi trabes

ta izterretan barizek

humel hartzen dute babes.

Neure muga bat hautsi dut,

erretratu hau eginez

ta gorputzari begira

liluratua nahiz zinez; (BIS)

niretzat ederra bada

 besteentzat zergatik ez.

 

Orain zalantzan jarri naiz

mobila eskuan dudala,

bidali edo ez bidali

lotu ala ez uhala.

Tira erakuts dezadan

ez bait da izan makala

nahiz ta gure familian

sortuko den arrakala.

Noz e noz hil egingo naiz,

noski tokatzen da hala

ta ez dut nahi esan dezaten

nintzela andre legala, (BIS)

baizik oroitu nazaten

amona ausart bezala.

2021 Etxebeltza Elkartea