OZTOPO ETENGABEAK OSTALARITZARI

Ostalaritzan pandemia nola bizi izan dugun galdetzen digute etengabe. Erantzukizuna handia da, pertsona askok bizi eta sufritu dugu, beraz, asko izanen dira tunel horretatik pasa direnen kasuak eta moduak.

Ostalaritzako negozioen egoera askotarikoa da, hainbat ezaugarriren araberakoa: lokalaren tamaina, jabetza, kontratatutako pertsona kopurua, alokairuaren prezioa, lokalaren tamaina, terraza jartzeko aukera izatea edo ez, egokitzapen beharrak… Beraz, nagusiki, nire esperientzian eta ezagutzen dudan ingurunean oinarrituko naiz ostalaritzari buruz aritzeko.

COVIDaren ondorioz sortu diren arazo guztiak kudeatzea oso konplexua izan da eta oraindik ere hala da. Kudeaketak ardura handia dakar maila guztietan, politikoa, enpresariala, laborala, soziala, pertsonala eta familiarra.

Pandemian zehar ICO maileguak eskatu, Aldi Baterako Erregulazio Espedienteak kudeatu, eta zehaztu diren murrizketa zorrotz bezain aldakorrak aplikatu behar izan ditugu. Horrela bizi izan dugu etapa hau, etengabeko aldaketak, ordutegiak eta arauak, itxialdiak eta berrirekitzeak, zabaltzeak eta murrizketak. Zoramena. Ahal izan dugun moduan biziraun dugu; lan, ahalegin eta dedikazio handiz, eta askotan, maila psikologikoan zein fisikoan ere, ondorioak izan ditugu.

Aldi Baterako Erregulazio Espedienteen eta ICO maileguen bitartez gehienek aurrera egitea lortu genuen, baina batzuk ezin izan dute bidean aurrera egin. Beharrezko ikusi genuenok SOStalaritza  plataforma sortu genuen mezu argi eta zentzuzko bat emateko: beharrezkoak diren neurriak aplikatzea onartzen dugu, baina, horrekin batera, egoera larri honi aurre egiteko moduko laguntzak edo/eta sektorearen erreskatea.

Ostalaritzan aritzen diren langileei dagokienez, Aldi Baterako Erregulazio Espedienteak osatzea funtsezkoa dela iruditu zaigu, soldataren %100eraino (ez da gauza bera, 3 hilabete egotea Erregulazio Espedientearekin, edo 6, 12 edo 18 egotea).

Urrian eta azaroan oxigenoa bukatzear izan genuen, izan ere, diru-laguntzak jaso gabe genituen eta bankuek ostalaritzarako maileguak eten zituzten.

Egoera agonikoa eta kasu askotan jasanezina bihurtu zenean, iritsi ziren laguntzak. Orduan, kasu batzuetan, paradoxa bat gertatu zen: ezin izan ziren laguntzak eskuratu, 2019aren amaieran edo 2020an sortutako enpresak izateagatik edo baldintzaren bat ez betetzeagatik.

Beste kasu batzuetan, laguntza horiek, apirilekoekin batera (horietan bai sartu ahal izan ziren enpresa sortu berriak, baina kopuru mugatuagoarekin), neurri batean, 2020ko fakturazio-galerak konpentsatzen zituzten, eta, horri esker, aurrera jarraitu ahal izan dugu. Era berean, uste dugu 2021eko fakturazio galerari aurre egiteko antzeko laguntzak eman beharko liratekeela.

Laguntza hauetaz gain, behar-beharrezkoa iruditzen zaigu beste laguntza lerro bat sortzea sektoreko langile guztientzat.

Etorkizuna nahiko zalantzazkoa da, baina ez duela gutxi arte ikusi genuen bezain beltza. Dirudienez, txertoetan dago apustua, eta hauek izan dezaketen eraginkortasunaren mende egonen gara. Bide horretatik jarraituz gero, gizarte gisa, argi pixka bat ikusten hasiko gara tunelean.

Oztopoz betetako lasterketa luze baten erdian gaude, egindako bideak nekea ekarri du baina oraindik ere bide luzea geratzen da. Gremioaren barruan sentitzen dugu, baina bezeroen artean ere nekea nabarmena da. Horrek erakusten du gizartea muturreko egoera batera iristen ari dela.

2021 Etxebeltza Elkartea