BOST IZAR, TXIRRINDU BERRIA. HISTORIA BATEN KRONIKA

Atarrabia Etxea Kultur Elkarteak “Bost izar, txirrindu berria. Historia baten kronika” argitaratu du. Liburu honetan egileak kultur etxearen proiektuaren eta udal politika egiteko moduen inguruan bidaia bat egitera gonbidatzen gaitu.

Irailaren 1ean Etxebeltza elkartean aurkeztuko da liburua

1512ko Nafarroaren konkistatik bostehun urte eman igaro eta gero, Atarrabia Etxea Kultur Elkartea sortu genuen. Nafarroa Bizirik ekimenaren itzalean sortu ginen, hain zuzen ere.

Modu horretan, Oihana mendiko Nafarroako Erresumaren gazteluaren aztarnetan oroigarria paratu zenean bertan parte hartu genuen. Baita Gamazadaren inguruko liburu baten argitalpena diruz lagundu ere.

Dena dela, gure ekimen ezagunena, bideo eta antzezlan baten ekoizpena izan zen. Ziur aski gogoratuko duzu: “Atarrabia 1512-1521”. Herritarrak aktore bilakatuta, konkista garaia gogora ekarri ziguten, lan bikaina eginda. Noaingo gatazka lazgarriak amaiera eman zion antzezlanari. Ikuskizuna arrakastatsua izan zen, eta 2012an Nafarroa Bizirik argitaratutako CD batean topa dezakezu.

Konkistak subirotasunaren galera ekarri zuen. Ondoren, hamaika ondorio latz ekarri zuen gertaera horrek. Ondorioetako bat, inbaditzaileek Nafar herriaren matxinadak saihesteko etengabeko ahaleginak. Horien artean, nafarron iruditeria kolektibotik konkistatuak izan gineneko oroimena desagerraraztea izan da.
Pedro Esarte historialariaren hitzetan “Oso garrantzitsua da jakinezaren eta gezurren harresia apurtzea, gure errealitate historikotik kanpo geratzeko eraikia izan baita…Modu batera edo bestera kolonizazio sistemaren zordun diren gobernu ofizialek historiaren itxuraldaketa sustatzen dute, etengabean eta modu sistematikoan.” (Konkistak, 500 urte. Deuseztatu ezin izan duten oroimena).

2012. urtearen inguruan antolaturiko ekimenaren bidez, zoritxarreko iragana gogoratzea genuen xede.

Atarrabia Etxekook azken urtetan dinamika azpimarragarririk egin gabe eman badugu ere, aurten, beste obra baten ekoizpena egiteko aukera sortu zaigu. Gaurkotasun biziko historia zati bat eta egia elkarren eskutik doazen liburu baten argitaratzea, hain zuzen. Dabidek ideia proposatu zigunean, Atarrabia Etxearen izanarekin bat zetorren ideia iruditu zitzaigun. Gainera euskaraz argitaratuko zena. Hartara, guretzat balio handiagoa zen, eta baietz esan genion.

“Bost Izar, txirrindu berria. Historia baten kronika” izenburu daraman liburua ez da nahasia, aldiz, konplexua bai. Hau da, atal eta idazteko era desberdinek osatuta dago. Kontakizun misteriotsu baten bidez bidaia bati hasiera ematen dio. Ondoren, Atarrabiako historia zati bati buruz informazio sendoa eskainiko du, eta egileak udalgintzaz duen berariazko ikuskera ere bai.

Atarrabia Etxeak ez ditu zertan partekatu behar egileak plazaratuko dituen iritzi guztiak. Hala ere, norberaren hausnarketarako baliagarria izan daitekeelakoan gaude. Honela, liburua erostera eta irakurtzera animatzen zaitugu. Gogoratu, ostegunean, liburuaren aurkezpena izango dela.

Irailaren 2an Sergio de Andres ipuina irakurtzen ibiliko da

2022 Etxebeltza Elkartea