IKASLE BATEN ASTEA

Ekhiñe Zapiain

(bertsoa)

Nahi baino guttiago
hartuta atseden
barrenak nahasiak
baina itxuraz lerden
Ohartzerako joan da
goizaren bi heren
gaur ongi ulertu dut
ez bainekien lehen
bestondoa zergatik
deitzen den astelehen

Ohartzerako egin
zaigu asteazken
bizirautea ezta
erraza izaten
Nola tuperrek azken
egun bat daukaten
falta diren egunak
dieta on baten
pasa beharko ditut
makarroiak jaten

Asteburuz berriro
herrira bidaia
larunbata ez denez
izatez lasaia
Poteoa, bazkari…
bestarako nahia
orduak hegan doaz
zazpiak dira ia
Eskerrak daramadan
garrote usaia

Gibelarentzat ez zen
aste atsegina
horrela ezin dugu
jarraitu jakina
Azterketaldiaren
aurreko springa
bizitza aldatzeko
azken ahalegina
Hurrengoa ez al da
izanen berdina!

2022 Etxebeltza Elkartea